Tolosa Inmakulada Lanbide Ikastolako eraikin berria inauguratuta

Itzea Urkizu Arsuagak idatzi du Tolosako komunikabidean:

20 urte dira, jada, Inmakulada ikastetxea eraiki eta martxan jarri zutenez geroztik. Bi hamarkada horietan, besteak beste, A ereduko ikastetxe izatetik D ereduko hezkuntza erakunde izatera pasatu da, duela 10 urte Ikastolen Elkartera atxiki baitzen Inmakulada: gaur egun, elkarteko lanbide heziketa ikastola bakarra da. "Ez zen erraza izan, zenbait zikloren eskaintzan Gipuzkoako lanbide heziketa ikastetxe bakarra garelako, eta oso ikasle erdaldunak genituelako. Materiala sortu behar izan genuen, eta irakasleek lan handia egin zuten", azaldu zuten zuzendaritzako kideek.

ETHAZI proiektuaren bitartez, ikasgeletako hormak eraisteaz gainera, zikloen artekoak ere deuseztatu dituzte, eta gela bera lan espazio izaten dute modulu bateko edo besteko ikasleek: "Erronkak proposatzen dizkiegu, eta erronka horietara iristeko egindako lanekin, gaitasunak atxikitzen joaten dira neska-mutilak. Egia esan, oso-oso balorazio positiboa egin dute, bai ikasleek, bai irakasleek".

Horrela, beraz, amaitzera doan ikasturtean gizarte integrazioko zikloarekin eta erizaintzakoarekin egin bezala, datorren ikasturtean ziklo berri bat martxan jarriko dute, ETHAZI metodogiarekin: menpekotasuna duten pertsonen zaintza lanei dagokien ziklo berria.

Eta, bide horretan, Inmakulada Lanbide Ikastolaren erronka da 2017-2019 bitartean, ikastetxeko ziklo guztiak lan egiteko modu horren inguruan antolatzea: "Horrez gain, nazioartekotasuna, ekintzailetasuna eta enpresekin harremana mantentzen jarraituko dugu".

Eraikin berriko plakari ohorezko agurra dantzatuz amaitu zuten inaugurazio ekitaldia.