JUUL 2016ko sari banaketa burutu da

Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteentzako urteko antolatzen dituen hauteskunde literarioen ekitaldia burutu da Lodosan, non bozkatuen atera diren liburu egile zein ilustratzaileei saria eman zaien. Eneko Etxegarai, Peru eta Txomin Magdalena, Pello Añorga, Toti Martinez de Lezea, Castillo Suarez, Gaizka Arostegi, Fernando Morillo, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Jon Andueza, Jokin Mitxelena, Eider Eibar, Leire Salaberria eta beste izan dira bertaratu eta oroigarria jaso dutenak. Eusko Jaurlaritzak babesten du urtero Juul kanpaina. Hasierako ekitaldian Pablo Azcona, Lodosako alkateak hitz egin zuen; eta beraren ondoren, hurrenez-hurren, Iban Azurza Erentzun Ikastolako lehendakariak; Mikel Asiain NIEko lehendakariak; eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Azken urteotan egin den bezalaxe, Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egin nahi izan die bozkatuen izan diren idazleei eta ilustratzaileei. Horretarako Mikel Okiñena artistari Juul Sarirako obra berezia egitea eskatu zitzaion, NIEk saridunei emateko xedez. Hori horrela, Mikelen gogoa izan da saridun bakoitzari pieza ezberdin bat egitea, aniztasunaren ideian oinarrituta. 

XVIII. edizioa izan da aurtengoa. Apirilaren 21ean izan ziren Euskal Herri osoko ikastoletan hauteskundeak. Berrogeita hamairu ikastolak hartu zuten parte, guztira 26.000 boto baino gehiago jasota. Juul egitasmoaren helburua da irakurzaletasuna piztea ikasleen artean. Piztu eta auspoaz elikatu.