Agurain bete dute milaka ikastolazalek, Araba Euskarazen

Milaka ikastolazalek eta euskaltzalek Aguraingo zirkuitua eta guneak bete dituzte, gaur, Araba Euskaraz jaian. Lautada ikastolak eraikina zahar berritu eta erronka pedagogiko berrietara egokitzeko antolatutako Arabako ikastolen jaia arrakastatsua izateko osagai guztiak zeuden, eta halaxe izan da. Egitarau zabal eta askotarikoa, lagun artean eta familian primeran pasatzeko eskaintza ugari, lau kilometroko ibilbidean paseoan ibiltzeko giro aparta… eta dena ongi joan dadin detaile guztiak zaintzen aritu diren ehunka eta ehunka boluntarioren lanak emaitzak eman ditu.

Autobusez nahiz trenez jende ugari iritsi da Agurainera, baina baita autoz ere. Aparkalekuek gainezka egin dute goizeko hamabietan. Aurreko egunetako eguraldi kaxkarraren ondorioz, aparkalekuetako bat erabili ezinda geratu da, baina antolatzaileak lanean aritu dira auto eta autobus guztiak arazorik gabe aparkatzeko.

Goizeko hamarretan eman zaio hasiera Araba Euskarazi, Lautada ikastolan egin den hasiera ekitaldian. Bertan, ikastolako lehendakari eta artezkaritzako kideak, Arabako ikastoletako ordezkariek, Aguraingo alkateak, Arabako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak hartu dute hitza.

Ikastolen izenean, gogorarazi dute zertarako antolatu duten aurtengo jaia. Dituzten erronkei aurre egiteko finantzaketa lortzeaz gainera, Agurainentzako kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzeko bultzada nahi dutela lortu, azaldu dute. Arabako ikastolen ordezkari Xabier Arrietak ere duela urte gutxi martxan jarritako ikastolaren lana azpimarratu du, eta, era berean, ikastolek Araban azken sei urteotan, azkenekoz Agurainen Araba Euskaraz antolatu zenetik aurtengo jaira bitartean, egin duten bilakaera nabarmendu nahi izan du.Izan ere, sekula baino ikasle gehiago dituzte Arabako ikastolek. Duela sei urte 3.000 ikasle bazituzten, egun 3.500 dituzte.

BBC telebista kate britainiarrak duela egun gutxi egindako erreportajea ere hizpide hartu du Arrietak, eta erreportajean esaten den bezala, sare publikoaren eta kontzertatuaren arteko oreka euskal hezkuntza sistemaren ezaugarri bat dela esan du, eta hori horrela izanda, Finlandia eta Danimarkaren pare dagoela EAEko hezkuntza. Horregatik, publiko-pribatu dikotomia eta eztabaida alboratu behar dela adierazi du eta egungo errealitatearen onura azpimarratu du, hezkuntza zerbitzu publikotik abiatutako eredu baten alde eginez.

Hasiera ekitaldia amaitzeko, Lautada ikastolako ikasleek moztu dute ibilbidearen zinta, eta zirkuitua ireki dute. Ordubete geroago izan da omenaldiaren eta lekuko aldaketaren ordua.

Lautadako AEK  omendu du Lautada ikastolak. Urteotan guztiotan helduen alfabetatze eta euskalduntzean egindako lan oparoa eskertu diote AEKri,  eta bailaran egiten ari diren lan itzela eskertu eta errekonozitu diete.

Ekitaldia amaitzeko, Lautada ikastolako lehendakariak eta zuzendariak orain arte euren eskuetan egon den Araba Euskarazen lekukoa Arabako ikastolen ordezkarien esku utzi dute, eta hauek heldu den urtean Araba Euskaraz antolatuko duten Bastida ikastolako lehendakari eta zuzendariaren esku utzi dute lekukoa.

Ekitaldi horretatik aurrera hasi da benetako jaia. Jendeak gozatu du antolatzaileek prestatutako kultur ekitaldiekin. Eguraldiak ere lagundu du. Hasiera batean euria ere iragarrita bazegoen ere, azkenean ateri egin du egun guztian, eta eguzkia ere irten da.

Assako ikasleak nagusitu dira Erronkan

Azken ekitaldietan gazteentzako antolatutako Erronka lehiaketa ere egin da Agurainen, eta urtetik urtera proposamen hau  gero eta errotuagoa dagoela ikusi da. Ikastoletako taldeek ere gero eta gogo gehiagoz parte hartzen dute lehiaketa bai, baina batez ere taldean ongi pasatzeko aukera  paregabea den eskaintza honetan. Aurtengo ekitaldia Assa ikastolako ikasleek irabazi dute.

Erronkaren ekitaldi honek, gainera, Araba Euskarazen eta, oro har, ikastolen jai guztien beste helburu batekin ere bat egin du, jai jasangarriaren xedearekin hain zuzen ere. Izan ere, Arabako ikastolen iazko jaian bildutako hondakin organikoarekin egindako konposta erabili dute ikastoletako ikasleek landatu dituzten zuhaitzen ongarri gisa.

Egun batzuk igaro beharko dira behin betiko balantzea egiteko, baina lehenbiziko inpresioa izan da egun biribila irten dela.

Araba Euskaraz
Araba Euskaraz
Araba Euskaraz
Araba Euskaraz
Araba Euskaraz
Araba Euskaraz
Araba Euskaraz
Araba Euskaraz
Araba Euskaraz