Artea Oinez erakusketa El Condestablen. 74 artista eta 80 obra osatzen dute altxorra.

ARTEA OINEZ'2018
Iruñeako El Condestable jauregian, apirilaren 13tik Maiatzaren 5era egongo da ikusgai aurtengo Artea Oinez, Nafarroa Oinezeko egitasmo garrantzitsua. Ondoren, maiatzaren 11tik aurrera Altsasun, Iortia Kultur Etxean. 74 artisten 80 obra osatzen dute aurtengo altxorra, kalitate handiko erakusketa.
Inaugurazio ekitaldia ederra izan zen. Gonbidatuen artean ziren Nafarroako Gobernuko bi kontseilari, Maria Solana Hezkuntza kontseilaria eta Isabel Eleizalde Ingurumenekoa, Iñigo Andres eta Sagrario Aleman Euskaltzainak, kultur eta hezkuntzako ordezkariak, artistak, ikastoletako ordezkariak, gurasoak, ikusleak eta Sakana ikastoletako antolatzaileak. 

DORA SALAZAR artista da aurtengo omendua. Hona hemen inaugurazio ekitaldian JOSU REPARAZ LEIZA, NIEko zuzendaria eta erakusketa honen komisarioak esandako hitzak: 

Komunikazio bide handiek zeharkatzen duten bidegurutzea da Altsasu. Bere lurrak ureztatzen dituzten Altzania eta Burunda ibaien artean kokatutako leku nafarra. Mugako lurraldea, borroka, sute, inauteri eta iraultzen toki. Araba eta Gipuzkoarekin ongi komunikatuta, Dora Salazarren lehen bizipenak hartu zituen lekua.
Altsasuren erdigunea oso modu bortitzean zabaldu zen XX. mendean. Hala ere, erraz antzematen zaio jatorrizko itxurari. Ohiko arkitektura indartsua, oinarrizko mugarriz: tenplu, ermitak, plazak, oinetxeak. Espazio zabal libreek eta ardatz linealek: trenbideak eta komunikazio bideek, landa-eremu kutsua duen hiri itxura bitxia  ematen diote.

1963ko otsailaren 25ean jaioa, hiribilduko hazkunde demografiko indartsuarekin bat eginez, Dora Salazar oso sentibera da bere inguruarekiko. Garapena, harrera eta integrazioa bizi dira baina baita deserrotzea eta nolabaiteko diskriminazioa ere, bere indar espresiboaren garapenera eramanen dutenak, zeinek trebakuntza artistikorantz bideratuko baituen.
Industria zurrunbiloak lekuaren fisionomia erabat aldatzen du baita bere herritarrak ere. Dora ez da bilakaeratik at geratzen, aitzitik, bere obrak esango du zein puntutaraino inpresionatzen duen bizimodu harrek: lan industrialak, fabrikek, ingeniaritzak, lantegiek, berauen egiturek... Arintasuna eta materia egonkorrak izanen dira bere lanean. Diktadura azken hatsak hartzen ari zenean, giroa tenkatu egiten da eta trantsizio garaian borroka eta aldarrikapen mugimenduak sortzen dira. Urte hauetan zehar, Arte Ederren ikasketak burutzen ditu Bilboko Fakultatean.

Apurka, bere lan nekaezina bilatze indibiduala bilakatuko da, talde edo korronteetatik at, bere arrastoa, estiloa eta jarrera markatu dituen poetika propioa arakatuz, identifikagarriak beti , nahiz eta formak, lortzearren, garatu egin diren. Hastapen hartatik abiatuta, arteari, emakumeari eta gizarteari jarritako hainbeste kortseen liberazioa aurreratuz, Leonardo edo Le Corbusierren antzera, bidea hartzen du bere zereginerantz: giza gorputza guztiaren neurri da. Bere hizkuntzak hala forma nola berau sostengatzen duen egitura lortu nahi ditu, mezu garratz, ironiko eta baita umoristikoen bitartez ere, gizakiaren izaera, bere gorputz fisikoa eta bere zirrarak erakusteko gaitasuna duten forma espresiboen bilaketan, eta matxismoa, bidegabekeria, bortizkeria eta garrantzirik gabekoaren aurkako konpromiso irmoaz.  

Dorak 80ko hamarkadan ekiten dio bere sormen lanari, hurrengo hamarkadan, arrakasta handiz, berehala ezagutzera emanen delarik. Bere eskultura lanek nahiago dituzte espazio publikoak, nahiz eta bere ekoizpenaren puska handi bat askoz ere delikatuagoa eta intimistagoa den, barruko espazio baten babesa eskatzen duten materialez eginak. Artista honen ibilbidean zehar progresioan dauden zenbait etapa nabarmentzen dira, gizakiak rolak eta jarrerak estaltzeko baliatuz hartzen dituen "larru" ezberdinen bilaketa berari lotuta, genero eta giza justizia gaiak aldarrikatuz. Geroago etorriko dira sarraldiak beste izaki batzuekiko, izaki etereo, aire-izaki eta itsas izakiak. Gizaki gorputzaren interpretazio klasikoagora itzuliz, mugimenduarekin, dantzarekin, hiriekin harremanetan.

Hiru dimentsioek bere zeregina erabat azaltzen badute, bere obra grafikoak, espazioaren ikuspegi berria eskaintzen digu, bere ikuspegi askatzaileak, argazkigintzatik abiatutako interpretazioak, collagea eta era askotako teknikak, bi dimentsiotan. Eskultura arterik osatuena da, ikusmen anizkunak, zirriborroak eta prestatze-frogak behar dituena. Berak hamaika apunte eta marrazki jasotzen ditu. Modu honetan sortzen dira bere obrak, trazatuak nabarmendu eta erretikulu babesle eta inguratzaileak modu poetikoan azpimarratzen dituztenak, edo angelu ezberdinetatik ikusitako bere eskulturak, ikuslearentzat erreferentziaz, testuz eta pistaz beteta. Bere koadroek traza maisuak eta ardatz konposatzaileek laburtzen eta argitzen dituzte. Iradokitako ingeradak forma arin bilakatzen ditu era askotariko tekniken bitartez: olio-pintura, akuarela, collagea, tinta, grabatua. etab. Bere barruko paisaia zaintzen duen eskultore baten ikuspegia da, zeina onartu eta maite baituen.

Bere lan artistikoaren kategoriak eta ikastolei, beti, eskainitako mugarik gabeko eskuzabaltasunak eragin dute, ARTEA OINEZ eta Nafarroa Oinez'2018 ekimenen baitan, Altsasun, Doraren sorterria, Iñigo Aritza Ikastolak egiten dion omenaldi maitekorra.
Mila esker, Dora laguna!!
Josu Reparaz Leiza
Nafarroako Ikastolen Elkarteko Zuzendaria

ENEIDA CARREÑO, IÑIGO ARITZA Ikastolako lehendakariaren hitzak:
Lehenik eta behin eskerrak luzatu nahi ditut Iñigo Aritza Ikastolaren izenean Artea Oinez egitasmoa beste urte batez aurrera ateratzen lagundu duzuen guztioi, batez ere artelanak ikastolaren esku utzi dituzten artistei. Zuek gabe, zuen sorkuntza eta esku zabaltasuna gabe ezinezkoa litzateke erakusketa hau burutzea eta zinez eskertzen dugu Iñigo Aritza Ikastolari eskaintzen diozuen babesa.
Aurtengoan BIZI da Iñigo Aritza ikastolak aukeratu duen leloa.
BIZI, lelo indartsua, positiboa, dinamikoa, zabala.
BIZI, bizi dagoelako euskara, bizi dagoelako ikastola, bizi dagoelako proiektua eta bizirik egoten jarraitzeko behar dugulako aurtengo Nafarroa Oineza.
Baina horrez gain, Bizi mantentzea, gure hizkuntza, linguae Navarroruma bizi mantentzen desberdinon ardura delako, nola ez ikastola osatzen dugun komunitate guztiarena, izan ikasle, irakasle, langile, famili, baina baita herri, herritar, udal, Nafarroako gobernu zein eragileena. Guztien arteko elkarlanak, guztion arteko euskararen defentsa eta bultzadak soilik dakar gure hizkuntzaren garapena BIZI irautea. Eta hori ere aldarrikatu nahi genuen lelo honekin, guztiok garela ezinbesteko, guztion esku dagoela, dakienak erabiltzen, ulertzen duenak belarria jartzen, administrazioek politika publikoetan euskara sustatzen… Tantaz tanta emaria handitzen.

Eta artea ere gauza bizia da, arteak euskarak bezala transmititzen du, bihotza mugiarazten du, zirrarak sortzen dizkigu, eraldatzen da eta eraldatzen du. Zentzu horretan ikastola bera sorgune bat da, euskaraz eta euskarak zirrarak sortzea nahi dugulako, euskaraz bizi nahi dugulako.
Eskutik goaz beraz artea eta euskara eskutik artistak eta ikastola. Gaur hemen aurkezten dugun erakusketa, hemen Condestable jauregian izanen da eta ostean Altsasuko Iortia Kultur Gunera eramango dugu.Ikustera, gozatzera, gonbidatzen zaituztegu.

Hau da KATALOGOAren lotura : pdf formatoan jaitsi ahal izateko.
http://www.nafarroaoinez.eus/nafarroa-oinez.asp?IdSeccion=8&IdContenido=24

Alfabetikoki zerrendatuta, hauek dira erakusketan parte hartzen ari diren artistak. Guztiei ESKERRIK BEROENAK!!
AGIRRE, Xabier, AIZKORBE, Faustino, ALFARO, Lorea, ALONSO, Florencio, ALTZELAI, Itxaso, ANDA, José Ramón, ARANBERRI, Ibon, ARNANZ, Koldo, ARRAZOLA, Txaro, AZKETA, Pello, BADIOLA, Txomin, BAROJA COLLET, Juan Luis, BASTERRETXEA, Nestor, BERASTEGI, Argiñe, BERMEJO, Manu, BERNAD, Clemente, CÁNOVAS, Carlos, CARDARELLI, Jorge, CILVETI, Concha, CORRAL, José Miguel, CRESPO, June, DE PEDRO, Bingen, DE ZERIO, Xabier, DEL CASTILLO, Naia, EUBA, Jon Mikel, FERRAN, Leopoldo, FLORES, Gorka, FONTALBA, Txaro, GARMENDIA, Iñaki, GARRAZA, Ángel, GOIKOETXEA, Ana, GOIKOETXEA, Asun, GORRITI, Juan, HERRERO, Mari Puri, IPIÑA, Zaloa, IRAZU, Pello, IRIGOYEN, Alicia, IRIJALBA, Carlos, JAUREGI, Koldobika, LARREA, Vicente, LASA, José Ángel, LAZKANO, Jesús Mari, MARIN, Ana Mari, MAULEON, Sagri, MENDIZABAL, Asier, MORENO, Ángela, MORRÁS, Xabier, MUNIATEGIANDIKOETXEA, Manu, NAZABAL, Itziar, OKIÑENA, Mikel, OLAZABAL, Iñaki, ORTEGA, Félix, ORTIZ, Eugenio, PAGOLA, Fernando, PERKAZ, Maider, POYO, Txuspo, PREGO, Sergio, RAZKIN, Bidatz, RECALDE, Mari Jose, RIAÑO, Javier, RUIZ DE EGUINO, Iñaki, SALAZAR, Dora, SANTANO, Helena, SEBASTIAN, Koldo, SISTIAGA, José Antonio, SUKILBIDE, Juan, URRESTARAZU, Irati, VIEITES, Azucena, VILLAREAL, Jabier, ZUBERO, Begoña, ZUGASTI, José, ZUMETA, José Luis, ZURIARRAIN, Ramón.