Ekintzailetasuna bultzatzeko ikastolek diseinatutako unitate didaktikoak emaitza onak eman ditu

Ikasleen artean ekintzailetasuna bultzatzeko Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak diseinatutako unitate didaktikoak esperimentazio fasea amaitu du. Euskal Herrian eta Europako beste herrialde batzuetan egin diren pilotajeek erakutsi dute unitatearen balioa, eta emaitza onak eman ditu.

Europako Batasuneko Erasmus+ programak finantzatu du proiektua, eta erakunde horrek ekintzailetasuna bultzatzeko martxan jarritako YesICT programaren baitan garatu da. Erronka horri aurre egiteko helburuarekin, Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak indarrak batu zituzten, eta europar mailako kontsortzio bat eratu zuten YESict proiektuan lan egiteko, duela hiru urte. Bi erakunde hauekin batera, proiektuan dihardute beste erakunde hauek ere: Antic (Lapurdi), FH Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), Nikosiako Unibertsitatea (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka). Kontsortzio honek 2018ko abuztura arte jardungo du lanean.

Unitatearen emaitzen aurkezpena

Hain zuzen ere, lanaldia amaitzear dela, garatutako unitate didaktikoaren aurkezpena eta emaitzak azaldu dituzte Ikastolen Elkarteko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek (Manu Aurrekoetxea, Amaia Montes eta Esther Val), ikastoletako zuzendarien aurrean. Haiekin batera egon da, baita ere, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako ikasketa buru Olaia Martiarena, ikastola hau izan baita, Europako beste ikastetxe batzuekin batera, unitatea esperimentatu duena. Hain zuzen ere ikasturte honetan eta iazkoan esperimentatu zuten.

Lehenbiziko ikasturtean herrian dauden gabeziak detektatu eta horietako bati irtenbide bat  proposatzea eta proposamena maketa batera eramatea izan zuten erronka DBH 1eko ikasleek. Aurtengo ikasturtean, berriz, ametsetako jolasgela proposatu behar izan dute ikasleek euren ikastolarentzat, eta gainontzeko ikasleek proposamenen artean onena aukeratu dute bozketa bidez. Aukeratutako proiektua aurrera eramango da ikastolan.

Ekintzailetasunari buruzko unitate honetan sormena landu nahi da, eta, horrekin batera, arazoen ebazpena, kooperazioa eta norbere buruarekiko konfiantza. Horretarako ikasleek zenbait kasutan IKTak erabiliko dituzte eta beste batzuetan eskulanak egingo dituzte. Ikasleek ekintzailetasunari buruzko informazioa jasotzen dute, eta, pixkanaka, ekintzaile izatea zer den ikasten dute. Ondoren arazo bat identifikatzen dute edo proiektu bat aurrera eramateko proposamena jasotzen, eta talde kooperatiboak sortzen dituzte arazo edo proiektu horren inguruan hausnartu eta konponbide bat aurkitzeko, hau da, arazoa aztertzen dute, hori konpontzeko ideiak asmatzen dituzte, propotipo bat marrazten dute eta, azkenik, maketa bat sortzen dute beraiek eremu jakin batean eraikiko luketen proposamenarekin. Egun batzuk beranduago prozesu hori guztia jendearen aurrean aurkeztu beharko dute.

Gaurko aurkezpenean azpimarratu dutenez, unitate honek inpaktu positiboa eragin du ikasleengan aipatutako lau esparruetan (sormena, arazoen ebazpena, kooperazioa eta norbere buruaren konfiantza), eta ez soilik Etxarri Aranazko ikastolako ikasleengan, baizik eta unitatea esperimentatu duten Europako ikastetxe guztietan. “Lortu da ikasleok kontziente izatea bere ingurune hurbila aldatzeko gaitasuna badutela”

Ekintzailetaasuna lantzeko beste unitate batzuk

Esperimentazio fasea amaituta, unitatea berau gelara eraman nahi duten ikastola guztien esku jarriko da (baita Europako ikastetxeen esku ere). Dagoeneko hainbat ikastolak izena eman dute unitate hori beren geletara eramateko.

Unitatearekin webgune bat egin dute(yesict.eu), eta material guztia eskuragarri jarri dute webgune horretan. Modu horretara, unitatea landu nahi duten guztiek eskura izango dituzte eduki guztiak. Unitatea, gainera, euskaraz, ingelesez zein frantsesez landu ahal izango dute.

YesICT programaren baitako hau ez da ikasleen ekintzailetasuna bultzatzeko ikastoletan  garatutako unitate bakarra. Aitzitik, heldu den ikasturtean ikastola guzietara hedatuko da “Herrigintza Auzolanean” izeneko programa, ekintzailetasun soziala bultzatzea xede duena. Era berean, heldu den ikasturtean beste unitate bat esperimentatuko da ikastoletan “Elkarmaker” izenekoa.