Protestekin hasi dute ikasturtea Seaskako ikastolek

Kaskarotenea ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak, elkarretaratzean

Ezohiko ikasturte hasiera izan dute Seaskako ikastoletako ikasle, irakasle eta gurasoek. Gaur zen sartze eguna, eta gurasoek euren haurrak eraman dituzte ikastoletara, baina beraiek ere geratu egin dira, ikasleekin eta irakasleekin batera, Frantziako Gobernuaren jarrera salatzeko egin dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko. Ez da inondik ere ikastolek nahi duten egoera, baina ez dute beste biderik. Izan duten hazkundeari erantzuteko 25 irakasle gehiago behar dituzte eta Frantziako gobernuak ezezko biribilarekin jarraitzen du.

250 ikasle gehiagorekin hasi dute ikasturtea Seaskako ikastolek, jaiotza tasak beheranzko joerari eusten dion arren, ikastolek hazkundeari eusten diotela berretsiz. Alta, 25 irakasle gehiago behar dituzte ikasturte honetan, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioa ez dago prest bost eta erdi baino gehiago emateko. Gauzak horrela, Seaskak bere gain hartuko du hamalau irakasleren kontratazioa, baina egoera horri ezingo dio luzaro eutsi. Horregatik, tokiko erakundeei galdegin die hitzetatik ekintzara iragan daitezen, eta ikastolen eskaera zilegi dela esateaz gain beren gain har dezaten haien kontratazioa.