Ikastolan, denok gara gu!

Ikastola Eredua

Ikastola Eredua

  • 108 ikastola eta 54.000 ikasle biltzen gara Ikastolen Elkartean. Ikastola bakoitzak bere historia eta ibilbidea ditu, eta bere inguruaren errealitatera egokituta dago; baina guztiok partekatzen ditugu ezaugarri garrantzitsuak.
  • Ezaugarri horien multzoari deitzen diogu Ikastola Eredua.
  • Haurra ikastolara datorren lehenengo egunetik, familiarekin bat egiten dugu umearen garapen afektiboa, emozionala, sentsoriala eta kognitiboa sustatzeko. Testuinguru lasai eta natural batean, pertsona osasuntsuak eta buru askeak heztea dugu helburu.
  • 0-6 etapatik hasita, beren burua eta ingurua ezagutzeko eta baloratzeko, eta bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnak eta baliabideak eskaintzen dizkiegu ikasleei.
  • Euskara eta euskal kultura, hezkuntza euskalduna da ikastolona. Ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu, Informazio eta Komunikazio Teknologietan trebatuak.
  • Gure hezkuntza eredua garatzeko ikas material propioak sortzen ditugu, eta etengabeko hobekuntzan eta prestakuntzan diharduen irakasle eta profesional talde handi baten eta guraso eta bazkide konprometituen gidaritzapean egiten dugu lan.
  • Horrela lortu dugu ikastolok aitzindaritza pedagogikoa; geure-geureak ditugun ezaugarriekin lortu ere.
  • Hori da gure eredua, hori da Ikastola eredua.

Ikastolan, denok gara gu!

Herritik sortu ginelako eta herriarentzat dihardugulako. Kooperatiba garelako, herritik gertuen dagoen erakundetze mota. Lan egin eta erabaki, taldean egiten dugulako. Euskara eta euskal kultura, geurea hezkuntza euskalduna delako. Ikasle euskaldun, eleanitz, buru-askeak formatu nahi ditugulako. Bikaintasuna ikasle guztien hobekuntza dela sinesten dugulako. Irakasle eta profesional trebe eta trebatuak ditugulako eta etengabeko formazioan dihardutelako. Gurasoek ere buru-belarri dihardutelako. Eredu propioa dugulako, Euskal Herrirako eredua, Europara ateak zabalik dituena. Horregatik, zu, hura, zuek, haiek, gu, ni… ikastolan, denok gara GU.

Horrelakoak gara GU

  • GU, herritik eta herriarentzat: Herritik sortuak dira ikastolak eta herriarentzat eginak. Duela mende bat sortu zen lehenbiziko ikastola. Mende erditik gora dute, egungo ikastola aitzindariek. Historiaz eta ekimenez, ikastola guztiak biziki txertatuta daude herrietan. Etengabeko elkarrekintza bultzatzen dugu herriaren eta ikastolaren artean.
  • GU, kooperatiba: Ikastolen komunitatea dinamikoa da. Kooperatibatan antolatuta gaude, herritarrengandik eta herriarengandik hurbilen dagoen erakundetze mota baita. Ondorioz, gurasoek eta irakasleek parte-hartze zuzena dute ikastolen eguneroko kudeaketan.
  • GUk Euskal Curriculuma: Euskara eta euskal kultura, hezkuntza euskalduna da gurea. Euskal curriculuma dugu oinarri eta ardatz. Hura garatzen aitzindari, hura bultzatzen eragile. Euskal dimentsioa barne bilduz, ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu, Informazio eta Komunikazio Teknologietan trebatuak.
  • GUre pedagogia: Hezkuntza eredu propioa dugu. Pedagogia aurreratu eta aurrerakoia dugu. Ikasle buru-askeak izatea dugu helburu, beren burua eta ingurua ezagutzeko eta bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnak eta baliabideak emanez. Bikaintasuna dugu xede, baina ikasle guztien hobekuntzan oinarrituta ulertzen dugu bikaintasuna.
  • GUre irakasleak: Etengabeko hobekuntzan eta etengabeko prestakuntzan diharduen irakasle eta profesional taldea ditugu. Ikastolan eta proiektuan txertatuak daude, egonkortasunak ematen duen atxikimenduaz indarturik.
  • GUre materialak: Ikasmaterialen sorkuntzan eta sortutakoaren etengabeko hobekuntzan aitzindari eta motor dira ikastolak. Lehenbiziko testu-lburuetatik egungo EKI proiektura eta EKI digitalera egin dugu jauzi. Geuk sortzen ditugu ikas materialak, bai, eta haiek erabiltzeko geuk prestatzen ditugu irakasleak ere.
  • GUre prestakuntza: Prestakuntza gakoa da gure ereduan. Urtero, milaka irakasle, zuzendari, pedagogia arduradun eta administrarik hartzen dute parte gure ikastaroetan. Horri esker, gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskakizunei aurretiaz erantzuteko gai gara eta Europak ezarritako marko orokorra eta konpetentzietan oinarritutako eredua ezarriak ditugu..
  • GUre eredua, Euskal Herrikoa: Euskal Herria eremu duen eta Euskal Herri osora hedatua dagoen hezkuntza taldea osatzen dute ikastolek. 108 ikastola, 4.500 irakasle, 500 langile ez irakasle, 54.000 ikasle eta dozenaka mila familiak osatzen dugu ikastola komunitatea. Euskal Herrirako eredua da geurea.
  • GUre inGUrua eta inGUrumena: Garapen iraunkorra bultzatzen dugu, ingurumena zaintzen, bertokoa babesten dugu. Ekimen ugari eta askotarikoak bultzatzen ditugu, elkarrekintzan: energia kontsumoa eta kutsadura murrizteko, hondakinak berrerabili eta birziklatzeko, bertako ekonomia eta nekazaritza sustatzeko …
  • Europa eta GU: Europar dimentsioa dugu. Sorreratik izan da Europa gure erreferentzia. Pedagogia korronte aurrerazaleak eta eskola eredu berritzaileak Europan aurkitu genituen. Eta gero eta europarrago izaten jarraitzen dugu: Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban biltzen gara.
  • Ikastolan denok gara GU: Euskaltasuna, elkartasuna, elkarlana, auzolana eta konpromisoa dira ikastolen ezaugarri nagusietakoak. Taldean egiten dugu lan eta hartzen ditugu erabakiak. Horregatik, ikastolan, zu, hura, zuek, haiek, gu, ni… denok gara GU.