Milaka ikastolazalez bete da Lesaka

Goizeko 10etan egindako ekitaldiarekin eman diote hasiera aurtengo Nafarroako ikastolen eta euskaltzaleen jai handiari.

Tantirumairu ikastolak hartu du aurten Nafarroa Oinez antolatzeko ardura eta Tantirumairu ikastolan bertan izan da inaugurazio ekitaldia. Ikastolako lehendakari Amaia Lasherasen ondoan izan dira Mikel Asiain NIEko lehendakaria, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, Lesakako alkate Jose Luis Etxegarai, baita Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkos, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez eta Bortzirietako, Nafarroako nahiz Euskal Herri osoko udal, kultura, gizarte eta politika arloko ordezkaritza zabala ere

Esker oneko solasak izan dituzte ikastolako arduradunek Lesakara hurbildu diren guztientzako. Ikastolaren eredua goraipatu dute guztiek eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatu dute, gure hizkuntzarekiko errespetuan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritua.

Ikastolak "Bikin bat in" leloa hautatu du, aurtengo jaian bilduko den diru laguntzarekin lortu asmo duen helburua irudikatzeko. Tantirumairuk eraikin berri bat egin asmo du ikastolaren proiektua garatzen jarraitzeko.

Estitxu Fernandez aurkezle eta Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak gidatu duen ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan da. Nafarroa Oinezeko kantuaren, bideo-kliparen eta urte osoan gauzatu den jarduera egitarauaren zutabe izan den tobera protagonista bilakatu da oraingoan ere, Arritxu eta Iratxe Muxikaren eskutik. Era berean, Mari Karmen Ubiria eta Arantxa Errandonea ikastolako ikasleen ama eta amatxiek intxaurrondo bat landatu dute, aurtengo Nafarroa Oinezen logoari bi hosto utzi dizkion eta ikastolaren 43 urteko historiaren lekuko izan denaren ondoan. Plazara Dantzara kantuaren doinupean, antzerkitxo bat egin dute ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek. Bi neskatok ureztatu dute intxaurrondo berria txistulariek Tantirumairu doinua jotzen zuten bitartean, etorkizunean ere Tantirumairu ikastolak itzala izan dezan.

Ekitaldiarekin batera, Nafarroa Oinez inauguratua gelditu da eta ikastolatik abiatu dira agintariak, trikitilariekin batera ibilbidea egitera.

Eguerdian, berriz, Tantirumairu ikastolak 12 familia omendu ditu. Hain zuzen, Euskal Herritik kanpo Lesakara heldu eta haien semeak ikastolan matrikulatzea erabaki zuten eta duten familiak. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, IKA euskaltegiak omendu ditu, euskalduntzearen alde egiten duen lana eskertzeko.

Era berean, azken urteetan Nafarroa Oinezen baitan ezagun egin den Txikiak Handi manifestuak, bi izenpetzaile gehiago batu ditu aurtengo ekitaldian. Kataluniako Aran bailarako okzitaniera eta Venezuela eta Brasilen mugan hitz egiten den makiritare edo yekuana hizkuntzak batu dira hizkuntza gutxituen aldeko manifestura.

Goizean goizetik oso giro ona egin du Lesakan. Eguzkai eta hego haizea lagun, milaka ikastolazale hurbildu dira eta uneotan gozatzen ari dira Nafarroa Oinezek eskainiriko askotariko ikuskizun eta espektakuluez.

Aipagarria da, baita ere, gazteentzat berariaz antolaturiko Erronka lehiaketa. Nafarroako ikastoletako ikasleak dira protagonista, eta elkarlana oinarri hartuta, lehia adiskidetsuan ari dira haientzako prestatutako probetan parte hartzen.

Heldu den urtean, Altsasun

Egun osoa dute Lesakan Nafarroa Oinez ospatzeko. Urte osoko lanaren fruitua da gaurko eguna, eta horren adierazle da emaitza. Urtebete du aurretik, berriz, Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak. Berau izango da 2018. urteko Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastola. Bortzirietatik Sakanara igaro da lekukoa, Lesakatik Altsasura. Iñigo Aritza ikastolako lehendakari Eneida Carreñok eta zuzendari Ibai Iriartek jaso dute lekukoa NIEko lehendakari Mikel Asiainen eta zuzendari Josu Reparazen eskutik. Ilusio handiz jaso dute lekuko hori, eta erantzukizun handia dela aitortuta ere, gogotsu ekingo diotela adierazi dute Iñigo Aritzako ordezkariek.