Trebiñu, euskararen hiriburu, Argantzun ikastolaren eskutik

Haurrentzat, familientzat eta gazteentzat eskaintza zabal eta askotarikoa prestatu dute ikastola txiki honetako komunitateko kideek, horretarako ezarri dituzten hiru guneetan. Ibilbidea nahiz guneak jendez mukuru daude, eta Argantzungo kale eta parajeez ere ari dira gozatzen, eguerdia baino lehen lainoak urratu eta nagusitu den eguzkiaren laguntzarekin.

Milaka euskaltzale eta ikastolazale hurbildu dira Argantzunera, Arabako ikastolen jai handia ospatzera. Dozenaka autobusek aparkatu dute Argantzunen, eta joan etorrian dabiltzan autobus ugari gehiago ere badira. Bi  tren berezi jarri dira Gasteiztik hurbiltzeko, eta haiek ere beteta iritsi dira Argantzunera. Autoz ere jende ugari mugitu da, baina ez da batere eragozpenik sortu errepideetan.

Goizeko hamarretan eman zaio hasiera aurtengo Araba Euskaraz jaiari, Argantzun ikastolaren atarian egin den ekitaldian. Bertan azpimarratu dute ikastola honek duen balio erantsia, Trebiñun dagoen euskararen birika bakanetakoa baita. Hamabost urte dira ibilbidea hasi zuela, eta arrastoa ari da uzten.

Burgosen administrazioaren pean dagoen lurralde honetan euskaraz ikasi ahal izateko aukera eskaintzen du Argantzun ikastolak. Ikastola txikia da: 42 ikasle ditu, Haur Hezkuntza etapakoak. Baina hazteko bidean da. Izan ere, heldu den ikasturtetik aurrera, Lehen Hezkuntza ere ematen hasiko baita. Horixe da aurtengo Araba Euskarazen xede nagusia, hain zuzen ere: Argantzun ikastolaren hazkundeari laguntzea, Trebiñun hezkuntza euskalduna indartzea, ikastolaren bitartez.

 “Ikastola sortzeko lanetan hasi ginenetik Argantzon Ikastolaren ibilbidea deskribatu beharko bagenu, lau hitzetan laburbilduko genuke: ez da erraza izan.  Trebiñun Ikastola sortu zenean, argi zegoen beste Ikastola askok ez dituzten berezitasunak izango genituela, beste inork ez dituen oztopo zehatzak izango genituela, eta urteek hala izan dela erakutsi digute”, adierazi du ikastolako gurasoen ordezkari Ziortza Bocanegrak . “Arazo ekonomikoak, traba burokratikoak, lege-kontuak,… erlaxatzeko tarterik ez dugu oraindik aurkitu gure ibilbidean”, gaineratu du.

Arabako bihotzean egon arren, administratiboki Trebiñu ez dela Araba deitoratu du Bocanegrak. Horrek, batetik, Burgosko agintariek ikasolarentzat laguntzak ukatzea ekarri du, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak zuzenean laguntzeko eragozpenak ekarri ditu. Horren aurrean, Armentia eta Bastida ikastolek eta Ikastolen Elkartearen Elkartasun Kutxak emandako laguntza ezinbestekoa izan du Argantzun ikastolak, aurrera egiteko, eta biziki eskertu du laguntza hori ikastolako komunitateak

Amaitzeko, ikastolak suposatzen duena laburbildu du ikastolako gurasoen ordezkariak: “Trebiñun Ikastola egoteak euskara ikusgarri egiten du. Trebiñun Ikastola egoteak Euskararen Herrian kokatzen gaitu. Bihar, etzi eta etorkizunean ere, bakoitza dagoen lekutik, Trebiñurekin gogoratzea nahi genuke,  egoera konpon dadin bakoitzaren esku dagoena egitea. Eta konpondu bitartean, praktikan, nortasuna ukatua duen Araba zatia kontsideratzea. Euskarak eta Ikastolak eskertuko digu”

Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Xabier Arrietak ere esker hitzak izan ditu hamabost urteotan Argantzun ikastolari lagundu dioten guztientzat, eta “oztopoak oztopo” hamabost urteotan Trebiñun Argantzon ikastolak euskarari eman dion arnasa goraipatu du. “Euskara Trebiñun zabaldu bada, neurri handi batean ikastolak egindako lanari esker izan da; ikastolaren inguruan euskal giroa sortzea lortu dugu”, azpimarratu du Arrietak.

Hirugarren aldia da hemen, Argantzunen, Araba Euskaraz ospatzen dugula. 2001ean ikastola sortzeko asmoa geneukan, eta 2003an sortu genuen. 2007ko Araba Euskarazek  Argantzungo ikastola proiektua sendotzeko balio izan zigun eta 2018an beste urrats bat egingo dugu, aurtengo Araba Euskaraz mugarri izango da Argantzon Ikastolarentzat, hurrengo urtetik aurrera Lehen Hezkuntza eskainiko dugu herri auzoa den Sagastietan”, gaineratu du Arrietak. “Bidea ez da erraza izan, oztopo ugari gainditu behar izan ditugu, ekinaren ekinez zailtasunei aurre egin diegu. Ospatzeko eguna, zorionak emateko eguna, indarrak hartu eta aurrera ekiteko eguna. Bejondeizuela  ikastolan sinetsi duzuen familiei, zuen haurrak ikastolan eskolatu duzunoi”.

Heldu den urtean, Gasteizen

Egun osoko ospakizun betea dute Argantzunen, gaur. Baina datorren urtea ere prestatzeko lanak hasi dira ofizialki. Izan ere, Argantzun ikastolak Gasteizko Armentiari pasa dio lekukoa. Arabako hiriburura itzuliko da Arabako ikastolen jai handia heldu den ikasturtean. Armentiako ikastola komunitatea ere “irrikitan” dago datorren urtea iristeko.