Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen

        

• • • • • • • •

IKASTOLA

Etapaz etapa eta etapaz gaindi ari gara ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hezkuntza paradigma berri bat abiatu dugu, martxan da Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta proiektu eraldatzaileak ditugu Haur Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren osteko ikasketarako ere. Eraldaketa ikastolan sartu orduko ikusten da, espazioak hezkuntzaren zerbitzura jarri baititugu, gelak bakarrik ez, ikastola osoa izan dadin hezkuntzarako. Irakasle talde sendoarekin, familia konprometituekin. Guztia elkarrekin ari gara aurrera eramaten. Hau ez da ikastola baten edo batzuen egitasmoa, guztiena baizik. Izaera kooperatiboari jarraituz, taldean egiten dugu lan eta taldearentzat. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta proiektuak batera eramanez. Euskal Herri mailako ikuspegiarekin, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta.

 

 

Haurra ikastolan sartzen den momentutik haren garapen osoaren ikuspegitik eraldatu dugu pedagogia. 0-6 urteetan, haurrengan ematen diren aldaketak, kognitiboak, zein bere identitate propioa eraikitzetik etorritakoak, edota fisikoak eta emozio aldetikoak, oso handiak dira. Hasi oinez ikastetik, hitzak ikastetik, komunikaziora, sozializaziora… bizitzan ez dago horrenbesteko garapena duen beste etaparik. Haurra ulertzeko moduan izan da eraldaketa, printzipio hauek oinarri hartuz: haurraren izate osoaren errespetua; konfiantza haurraren berezko garapen ahalmenean; haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionalaren bermea. Haurraren izate osoa errespetatuz, irakaslea haren bidelagun izango da, haurrari zer egin behar duen esan beharrean, egiteko gai dela eta egiteko horretan lagundu egingo diola erakutsiko diona.

• • • • • • • •

 

Ikastolan egindako lehen urratsen ondoren, derrigorrezko etapetan sartzen direnerako oinarriak finkatuta, horiek sakonduko dituzte, eta pixkanaka oinarrizko konpetentziak (ikasten eta pentsatzen jakitea, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, nor bera izaten eta egiten eta ekiten jakitea) garatzen eta bereganatzen joango dira ikasleak. Curriculumeko gaiak arloka ikasteaz gain, arlo desberdinak uztartuz ere jardungo dute, proiektu edo erronken bitartez arloak landuz eta bereganatuz joan daitezen. Betiere, irakasle talde prestu eta prestatuen akonpainamendu funtsezkoaren bitartez.

• • • • • • • •

 

Curriculum ofizialaz gain, Euskal Curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian (egoera errealetan oinarritutako erronken eta proiektuen bitartez) oinarritutako eredu pedagogiko eraldatzailea dute ikastolek. Euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin, etorkizunerako funtsezko baliabideak eskaintzen dizkie ikasleei. Eredu pedagogiko horren arabera bereganatuko dituzte ikasleek edukiak. Baina, edukiak bereganatzeaz gainera, derrigorrezko ikaskuntza etapak amaitzerakoan, horiek eguneroko bizitzan, egoera errealetan, aplikatzen jakingo dute.

• • • • • • • •

 

Derrigorrezko etapak gaindituta, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen ditu ikastolak. Bai batean, zein bestean, aurreko etapetatik ikasleek ekarri duten ikasteko eta jakintzak eskuratzeko modu berrian sakontzen jarraituko dute. Proiektu eta erronken bitartez jakintzak mobilizatuz ariko dira, edota ikasketak eta praktikak edo lana uztartuz, ikastolako ibilbidea amaitu osteko hurrengo urratsak egiteko (dela unibertsitaterako sarbidea lortzea, dela lanpostu bat lortzea) prestatuago irten daitezen.

• • • • • • • •

• • • • • • • •

IKASLEAREN IRTEERA PROFILA

Gure ikasleak zer nolako pertsonak izatea nahi dugu ikastolako ibilbidea amaitzen dutenean? Galdera horri erantzunez egiten da ikaslearen irteera profila, eta beronen arabera antolatzen da ikaslearen ibilbidea. Ikastolok ezaugarri hauek lehenesten ditugu:

Euskaldun konprometitua

Bere buruarekiko konfiantzaduna

Lankidetzan ikaskidea

Erabaki hartzaile kritikoa

Euskaldun eleanitza

Ekintzaile gogoetatsua

Jokabide etikoduna

Sortzailea

Ikusmira zientifikoduna

Orekaren zaintzailea

• • • • • • • •
 

• • • • • • • •

ELKARREKIN, HEZKUNTZA ERALDATZEN