Giro bikaina, Zarautzen, Kilometroen ospakizunean

Ni, hi, hura… ikastola mundura! lelopean, primerako giroan ari dira ospatzen, Zarautzen, aurtengo Kilometroak ekitaldia. Hiru gune, eta zortzi kilometroko ibilbidean, jende anda dabil Salbatore Mitxelena Ikastolako komunitateak auzolanean antolatu duen jai erraldoia.

Goizeko 9:30etan ireki da zirkuitua, ikastolako atarian egin den hasiera ekitaldiaren ostean. Bertan egon dira agintari, hautetsi eta gonbidatu ugari, bai eta ikastoletako ordezkari andana ere. Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, Nekane Artolak, hitza hartu du ikastolen izenean: “Euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat dakarkigute Kilometroek, gure gizarte gero eta askotarikoago honetan, guztiok gozatu dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz. Horiei eutsi, biziberritu eta transmititzea izan dira ikastolen helburu nagusiak, bai sortu zirenean eta bai jaio zirenetik 50 urte baino gehiago bete direnean ere. Haur guztiei –Euskal Herrian jaioei zein etorri berriei– irekita daude ikastolak. Inklusioaren bidetik, guztiok maita ditzagun euskara eta euskal kultura. Guztiok bizi, jolas, maitatu, lan egin, pentsatu dezagun euskaratik eta euskaraz”.

Aurreko larunbatean Baionako Bernart Etxepare Lizeoan bilduta ikasturte berrirako ikastolek jarritako hainbat erronkaren aurrean, hiru nagusi aipatu ditu:

Lehenengoa, ikasleen euskararen kalitatea eta erabilera modu larrian jaitsi dela-eta ikastolek alarma piztuta dutela esan du. “Hasi gara egoerari aurre egiteko irtenbideak lantzen baina talde neurri eraginkorrak behar ditugula aipatzen genuen: Hezkuntza sistema osorako murgiltze eredua, hizkuntza politika eraginkorrak, eta eragileen arteko elkarlanaren beharra”.

Bigarrena, jaiotze tasaren jaitsiera aipatu du. “Euskal Herrirako dauden aurreikuspenak benetan txarrak direla jakinda, ez gaude prest sareen arteko gerra batean sartzeko. Neurri adostuen aldeko apustua egiten dugu, egingarria den ratioen jaitsiera adibide”.

Hirugarrenik, atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeaz aritu da. “Urtetik urtera kopuruz gora egiten duen ikasle taldea da. Gutxik ezagutzen dute euskara, euskal kultura. Eta horrek modu nabarmenean zailtzen du hauen transmisioa. Orain arte ikasle hauen eskolatzea ez da modu orekatuan egin ikastetxeen artean, eta horrek segregazio arriskua ekarri du. Aldaketak ematen ari dira eta hezkuntza sailak bide horretan sakondu behar duela uste dugu. Gu gure aldetik hasi gara etxeko lanak egiten (harrera planak, barne beka sistema…)”

Hezkuntza sistemak erronka hauei eta beste askori erantzuna eman behar diela adierazi du Nekane Artolak. “Baina nekez lortuko dugula uste dugu irtenbideak hezkuntza sistema propioaren norabidean ez baditugu jartzen”, erantsi du. Horregatik, lantzen diren lege, dekretu, proposamen eta abarrak helburu hezkuntza sistema propioa izan dezatela eskatu du: “Euskal jendartearen beharrei erantzungo dioten neurriak izan daitezela. Norberaren interesak alde batera utzi eta has gaitezen erantzun kolektiboak lantzen, arduraz eta erantzukizunez”.

“Badakigu zatiketa administratiboak askotan zaildu egiten digula herri bezala pentsatzeak”, erantsi du Artolak. “Zatiketa horri ahal den neurrian aurre eginez Ikastolok, gure txikitasunetik,  Euskal Herri osoa barnebiltzen duen proiektu bat garatzen jarraitzen dugu eta arduraz hartzen dugu lan hau. Kooperatibismotik eta herrigintzatik, elkarlana eta auzolana ditugu oinarri. Zuberoan zein Bizkaian, Lapuebla de Labarcan zein Hendaian edo Zarautzen; Euskal Herritik eta Euskal Herrirako ari gara lanean”.  

Hasiera ekitaldia amaituta, zirkuituari buelta bat eman diote ekitaldian parte hartu dutenek eta gonbidatuek. Hortik aurrera, egun beteko jaiari hasiera eman zaio, eta oso giro onean ari da igarotzen. Goizak, gainera, ateri eutsi dio, eta horrek lagundu egin du bertaratu diren haur, gazte, heldu eta familiek primeran pasa dezaten.

Heldu den urtean, Zubimusu ikastola

Gonbidatuek zirkuituari egin dioten biraren ostean, Kilometroen lekuko aldaketarako ekitaldia egin da. Gaurko jaiak ilunabarrera arte iraungo badu ere, heldu den urtekoa prestatzeari ekiten hasiak dira Amasa-Villabona-Zizurkilgo Zubimusu ikastolako komunitateko kideak. Hauek jaso dute heldu den urteko Kilometroak antolatzeko erantzukizuna, eta gogotsu ekin diote lanari. Gainera, formatu berria estreinatuko dute 2020an. Begirada, beraz, hara so jarri da dagoeneko, ahaztu gabe, gaur zortzi ikastolek beste hitzordu nagusi bat dutela: Tuteran egingo den Nafarroa Oinez, hain zuzen ere.