Ikastolen aldeko TANTA ekimena aurkeztu dugu

Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko TANTA egitasmoa aurkeztu dute Ikastolen Elkarteko eta ikastolen aldeko jaietako ordezkariek, gaur, Ikastolen Etxean egin duten agerraldian. Abendutik aurrera martxan jarriko da ekimena.

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. Halaxe azaldu dute Ikastolen Elkarteko eta ikastolen aldeko jaietako ordezkariek Donostian egin duten agerraldian. Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta lurralde bakoitzeko jaien ordezkari banak hartu dute parte  prentsaurrekoan.

TANTA ekimenean txartel batzuk jarriko dira herritarren esku. Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. “Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu”, azaldu dute.

“TANTA txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak”.

Ikastolek herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dutela ere esan dute. Horregatik, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.

TANTA egitasmoa ikastolen jaien ekimenez sortu da. Azaldu dutenez, jaiok finantzatzeko, egunean bertan eta urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak…).  Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen du; dirua, auto bat, bidaia bat… gauza desberdinak zotz egiten dituzte. Helburua bera izanik ­–jaien autofinantzaketa–, bost zozketa horiek egin beharrean, ikastolen jaiek elkartasun txartelak egitea erabaki dute, eta TANTA sortu dute.

TANTA ikastolen jaien ekimenez sortu bada ere, ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek izango dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartuko dute ekimenean. Guztiak arituko dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean.

TANTA egitasmoarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi dute; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi dute. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.

TANTA abiatzeko aukeratu duten lehen pertsona Elbira Zipitria da. Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta lehen ikastolen eta egungoen arteko zubi izan zen Zipitria, bai eta ikastoletako irakasleen irakasle ere, berak sortu zuen irakasle eskolaren bitartez. Frankismoaren urte gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta beraren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea.

Noiz eta nola

TANTA txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. Arestian aipatu bezala, bost euroren truke eskuratu ahal izango dira elkartasun txartel hauek.

Bildutako elkartasunaren zati bat herritarrei itzultzeko, udaren hasierarekin bat egin nahi izan dute. Horregatik, 60.000 euroko sariaren zozketa ekainaren 25ean egingo dute, notario aurrean.