Haur Hezkuntzan ahozkotasuna lantzeko estrategien inguruko prestakuntza egin da

Iraila iristearekin batera, Haur Hezkuntzako irakasleek badakite prestakuntza saio ezberdinekin zita dutela. Orain dela 5 urte hasitako bideak aurten ere bere lekua izan du.

2017an haurra ulertzeko modua, helduaren papera eta espazioa izan ziren gogoetan oinarritutako prestakuntza hauen abiapuntu eta 2021eko irailean Ahozkotasuna lantzeko estrategiak izan ditugu hitz bide. Donostian, Durangon eta Iruñean egindako bina saiotan, Eneritz Garro Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko adituak eta Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoak taldeko kideak Hizkuntza Jabekuntzaren oinarriak eta ahozkotasuna lantzeko estrategiak eskaini zizkiguten.

300 lagunetik gora parte hartu duten saioetan, argi geratu da gaiaren garrantzia eta ikastoletan zuzeneko ekintza egin beharra. Horretarako, aspektu teorikoez gain hIZAN lab Ikastolen Elkarteko Haur Hezkuntza taldetik aspektu praktikoaren lanketa egiteko ekintzen diseinua egin eta ikastolen eskura berau ikastolaratzeko prozesua jarri da. Prozesua prestakuntza orokor honekin hasi eta abendu arte egingo da hIZAN erreferenteen sarea erabiliz. Aurreko ikasturtean erreferenteek Josune Zabalaren laguntzaz egindako pilotajea ikastoletara saretzea da helburu. Ekintza diseinatuz, gauzatuz eta ebaluatuz. Guztia Hizkuntz egitasmoetako kideekin eta ikastoletako HIZPRO arduradunekin koordinatuz. 

Etiketak: