Ikasle etorri berrientzako laguntza-materiala garatu dugu

Nola itzuli eskolako testuak nire hizkuntzara izena du Ikastolen Elkarteak landu duen proiektuak; 11 hizkuntzatan argitaratu ditu ikasle etorri berriei eta haien familiei eskola komunitatera ongietorria emateko bideoak, eta baita eskolako testuak itzultzeko argibideak emateko bideoak ere; Scientix - STE(A)M Partnership Education Resilience in Europe-ren eskola-materialak garatzeko kolaborazio-lanaren emaitza da.

Laguntza-materialon edukiak edozein hezkuntza komunitatek erabil ditzake, eta hala dagokionean, egokitu edo zuzenean itzul ditzake, iritsi berriekin komunikatzeko behar den beste edozein hizkuntzara.

Proiektuaren testuingurua

Materialen testuingurua. Erronka sozial garrantzitsua

Gizarte- eta hezkuntza-erronka garrantzitsua da jatorri ezberdinetako eta egoera afektibo askotako haur iritsi berriak integratzea, bereziki ikasturtean zehar edozein unetan iristen direnak gure ikasgeletara.

Education Resilience in Europe ekimenak haur horiek guztiak hezkuntza-ingurune berrietan txertatzea errazten saiatzen direnei laguntzen die. Testuinguru horren barruan garatu du Ikastolen Elkarteak orain hizkuntza gehiagotara zabaldu den lan hau.

Harrera mezuaren ezaugarriak eta eskolako hizkuntza berri batean lan egiten ikasteko erronka

Jakina, kultura berri batera egokitzea erronka handia da. Egoera horretan, ikas-komunitatearen hizkuntza(k) ikastea ere ahalegin garrantzitsua da haurrentzat.

Testuinguru horretan, aurkezten ditugun animazio digitalen helburuak hauexek dira:

  • Familiek ikastolarekin duten lehen harremana erraztea.
  • Ikaslearen ikasmaterial berrien erabilerari dagokion komunikazioa erraztea itzulpen automatikoaren bidez.

Horretarako, hasierako Ongi Etorri-Welcome testuak jakinarazten du hezkuntza komunitateak familia berriak bere parte sentitzea nahi duela. Aldi berean, azpimarratzen du etorri berriek beti izango dutela laguntza ikastolako profesionalen eta familien aldetik, eta denek euren harreman sarea eraikitzen lagunduko dietela, guztiontzako bizi-esperientzia aberasgarri bihurtuz.

Material formatuak

Proiektu honek familiei 11 hizkuntzatan (euskara, ingelesa, gaztelania, katalana, frantsesa, portugesa, errumaniera, arabiera, ukrainera, errusiera eta txinera) eskaintzen die aipaturiko informazioa, bideo formatuan eta testu idatzietan. Bi kasuetan, ikastolak sarean eskain dezake materiala bere webgunean txertatuz, eta baita bakoitzak bere komunitatearekin erabiltzen dituen ohiko komunikazio-bide digitalen bidez ere. Gainera, liburuxkaren fitxategia eskuz entregatzeko egokitu eta inprimatu daiteke.

Lan hau Ikastolen Elkartean diziplina anitzeko taldean diharduten hezkuntza-profesionalek garatu dute.

Ikasketetarako hizkuntza berri batean aritzen hasteko erronka. Ikasle eta gurasoentzako bideo eta liburuxken edukia

Bigarren bildumako bideo eta liburuxketan, ikasle etorkinentzako eta beraien familientzako argibide laburrak jasotzen dira, zehazki, ikasleek egunero erabiliko dituzten ikasmaterial digitalak nola itzuli ikasteko. Informazio horrek ikasarlo guztietako online materialei ateak irekitzen dizkie.

Material bakoitzak Lehen Hezkuntzako eta DBHko mailetara egokitutako bertsio bana ditu.

Emaitza gisa, ikasleek honakoa lortzea espero da:

  • Bere hezkuntza-mailako ikasmaterial digitalak, sareko itzultzailearen laguntzaz, itzuli ahal izateko beharrezko urratsak ulertzea.
  • Gelako ikaskideekin batera ikasgelako ikaskuntza digitaleko jardueretan berehala sartzeko gai izatea.

Liburuxkek bideoen funtzio berbera eta informazio baliokidea dute. Bi kasuetan, helburua ikasleari laguntzea da, bai eskolan bai etxean, hizkuntza idatziari dagokionez egokitzapen arazoak arinduz.

Horrela, ikasleak bere hizkuntza propioan informazioa modu autonomoan jaso ahal izango du, eta ikasgai bakoitzean oraindik ezezagun den hizkuntzan aurkituriko testuak automatikoki itzuliko ditu. Horrela, ikasleak ikasgelako ikaskideekin batera ikasgelako ikaskuntza digitaleko jardueretan sartzeko aukera izango du.

Hemen duzue landu dugun edukia