Lurralde osoan euskaraz hazi eta hezteko eskubidea aldarrikatu dute Nafarroa Oinezen

2023ko Nafarroa Oinez festa, bozgorailu erraldoi bihurtu da gaur euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko eskaerarentzat. “Euskara ofiziala Nafarroa osoan eta euskaraz bizi Euskal Herri osoan” aldarrikapena hasiera ekitaldiko mezuen gako nagusietako bat izan da, eta aurtengo Nafarroa Oinezen bidez, lau haizetara zabaltzen ari da, bezperatik zein gaur goizetik Etxarri Aranatzera hurbildu diren milaka lagunei esker. “Gure herrialdeko herritar guztiei hizkuntza eskubide guztiak eta, zer esanik ez, euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea bermatu behar zaizkie, muga eta zonifikazioen gainetik, bai Lerinen, Lezkairun zein Etxarrin. Euskaldunok merezi badugu euskara Europan ofiziala izatea… nola ez Nafarroa osoan!”, nabarmendu du Izaskun Errazkin Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakariordeak irekiera ekitaldian. Ipar Euskal Herriko egoera ere gogoan izan du Errazkinek, eta, bereziki, Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du.
Elena Zabaleta NIEko lehendakariak ere, Nafarroa osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, berretsi egin du ikastolen konpromisoa euskarazko hezkuntzarekin lurralde osoan: “Ikastolok Nafarroaren lurralde osoan zabaldurik gaude, eta gure konpromisoari eutsiko diogu, marra gorriak gaindituz: euskaraz hazi eta hezi nahi duten herritar guztiei, eskubide hori bermatuko diegu”.
Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak ere zonifikazioa gainditzeko erronka aipatu du hasierako ekiltaldiko hitzartzean. Indar bereziz zabaltzen ari den aldarrikapena den arren, Nafarroako Parlamentuan “gehiengo nahikorik” ez duela gogoratu du. “Baina hori ez da oztopo izan behar nafar askok demokratikoa eta bidezkoa den aldarrikapena egiten jarraitzeko”, gehitu du.

Irekiera ekitaldia
Goizeko 10etan eman zaio hasiera festari, Andra Mari ikastolaren eraikin berrian,modu original bezain hunkigarrian: adar baten dei-soinuari erantzunez, irrintzilariak irten dira ikastolako leihoetara, eta maindireak zabaldu dituzte “Hotsein” leloarekin. Ondoren, hosto-euria hasi da, eta ikastolako umeek hosto- ibilbidea eratu dute ikusle en artean. Aurkezleak ongi etorria eman die bertaratutako erakundeen ordezkariei, eta ez dira gutxi izan: NIE, EHI, Nafarroako Gobernua, Nafarroako Parlamentua, Iruñerriko Mankomunitatea, UEMA, Nafarroako Eskola Kontseilua, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Topagunea, AEK, IKA, Errigora, Bertsozaleen Elkartea, eta Euskal Idazleen Elkartea egon dira ordezkaturik Nafarroa Oinezeko festa hasieran, hainbat ikastola eta alderdi politiko bezalaxe.

María Saez de Albeniz Etxarri Aranazko alkateak eta Izaskun Errazkin Beltza Ikastolako lehendakariordeak eskerrak eman dizkiete festara etorrita, Nafarroa Oinezi eta Andra Mari Ikastolari euren sostengua helarazi dieten guztiei. Bestalde, ikastolako haurrek koreografia eder bat egin dute leloaren ikurrarekin. Jarraian, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetza, kanpo ekintza eta euskara Kontseilaria oholtzaratu da. “Aukera oro baliatu behar dira euskara sustatzeko. Asko dugu egiteko, baina aitortu behar da egindako lana”, azaldu du Ana Ollo kontseilariak. Horren haritik, ikastolen mugimenduaren “konpromiso soziala” eta balioak balioetsi ditu. Azkenik, aurkezpen solasaldiei amaiera emateko, Nafarroako ikastolen Elkarteko Lehendakari den Elena Zabaletak hartu du hitza. Azken honek, bere esker ona helarazi dio Andra Mari Ikastolari, urte osoan zehar, Nafarroako Ikastola guztien festa den Oineza antolatzeko egin duen lanagatik.

Irekiera ekitaldiari amaiera emateko, Andra Mari Ikastolaren izenean, garapen nahaste orokortuak dituzten Trantsizio Gelako ikasleek, ibilbideari irekiera eman dion zinta moztu dute. Emozio handiko unea izan da. Inklusibitatea eta baliabide eskaera, beste aldarrikapena Trantsizio Gelako ikasleek zinta moztu baino lehen, Andra Mari ikastolak inlkusibitatearekin duen konpromisoa nabarmendu du Izazkun Errazkinek: “Ezinbestekoa da gure ikasle guztietara iristea, ezinbestekoa aniztasuna eta inklusioa gure egunerokoak izatea, denengana iritsi behar dugulako gizarte justuago bat lortzeko”. Halaber, gogoratu du Andra Mari izan zela Nafarroan aniztasunari erantzuna, euskaraz eman zion lehen ikastetxeetako bat izan zela. Hala, agintariei, ikasle guztiengana iritsi eta ikasle guztien beharrak egoki asetu
ahal izateko baliabideak eskatu dizkie.
Bestalde, Elena Zabaletak, ikastolek hainbeste hamarkadatan zehar eginiko lana goraipatu du: “Ikastolak, guztionak, komunak, erkideak, interes orokorrekoak, agerikoak, gardenak, denontzat erabilgarriak eta irekiak dira. Hots, herriaren zerbitzura daude”, adierazi du.
Ibilbide protokolarioa
Itsasontzi itxurako bizikleta baten gainean zihoan txirrindulari baten gidaritzapean, gonbidatuak ikastolako parkingean elkartu dira. Onodren segizioa autokarabanen aparkalekuraino jaitsi da txalaparta doinuen artean eta hor beste ustekabe atsegin batekin egin du topo: dantza ikusgarria egin duen erraldoien konpartsarekin. Eta horrelaxe jarraitu du festak, sorpresarik sorpresa. Kultur etxearen beheko alderdira ailegatutakoan, herriko abesbatzak egin die harrera. Hauen ikuskizunaren ondoren, jarraigoa, kultur etxean sartu da.
Omenaldia eta lekuko aldaketa
Merezitako bi omenaldi egin dira kultur etxean. Lehenik, hainbat urtez Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradun pedagogikoa izan den Ireneri Lopez Goñiri, etabigarrenik, urte luzeetan zehar, Andra Mari Ikastolako irakasle eta herri kirolen sustatzaile izan den Jexux Senarri. Gotzon Perezek eta Izaskun Errazkinek, Andra Mari Ikastolako lehendari eta lehendakariordeak hurrenez hurren, bi omenduek ikastolen eta euskararen alde hainbeste urtez egin duten lan erraldoi eta zintzoa balioetsi dute.
Amaitzeko, ezinbesteko zeremonia burutu da, lekuko aldaketarena hain zuzen. Andra Mari Ikastolaren izenean, Izaskun Errazkin lehendakaria eta Iñigo Orella zuzendari pedagogikoa izan dira datorren urteko Oinez festa antolatuko duen Zangotzako Ikastolako ordezkariei lekukoa pasatu dietenak. Zangotzako Ikastolaren izenean, Carlos Arcelus, lehendakaria eta Nagore Oria zuzendaria oholtzaratu dira. Nafarroako Ikastolen Elkartearen ordezkariak, Elena Zabaleta lehendakaria eta Josu Reparaz zuzendaria izan dira. Festa giroan, ezinbesteko argazkiak egin, eta eguerdi aldera, gonbidatuak ikastolako eraikin berrira itzuli dira otamena dastatzera.