Mila esker, Korrika!

Aurtengo Korrikan, Seaskako Etxepare Lizeoko ikasleen eskariari segituz, Euskal Herri luze zabalean ikusi dugu “Azterketak euskaraz” aldarria. Euskara lege babesik gabe dugun lurralde hauetan, urte luzez aritu gara aldarri honi bide ematen; euskalgintzaren babesa hor sentitu dugu aldi oro, baina, Korrikak egin omenaldiari esker, biderkatu egin dira atxikimendu mezuak eta herritarrek bere egin dute gure errealitate gordinaren egia.

Mila esker bideetara “Azterketak euskaraz” aldarria eraman duzuen ikastola guztiei, gizarte eragile, talde eta herritar xume guztiei. Azken kilometroetaraino, hezkuntza eragileekin, gazteekin, euskalgintzarekin Baionako plaza erraldoitik mundura heldu da herri honen oihu ozena. Keinu guzi hauek hunkitu egin gaituzte, baita azkartu ere. Mila esker, Korrika! Biba AEK!

Ekaineko azterketen garaia hurbiltzen ari da, eta Euskal Herriaren sustenguaz urrats berri bat egiteko prestutasuna agertuko dugu, Brebetan ez dadin atzerakadarik izan eta Baxoan urrats berriak egin daitezen.  

Ondoko asteetan, inposaketari parez pare begiratu eta desafiatzeko, denen laguntza beharko dugu gure alboan. Euskal Herrian hizkuntz eskubideak urratzen direnean, euskal komunitate osoari egiten diote eraso; berdin da zein eremutan ematen den urraketa, herri bezala erantzuten asmatzen badugu, azkartzen gira eta haiek ahultzen.

Ikastolen mugimenduak aurten lehenengoz hainbat hezkuntza eragilerekin partekatu dugu Korrikaren Baionako kilometroa. Espazioak ireki  behar dizkiogu elkarlanari; igandean ospatzeko  eta aldarrikatzeko batu ginen bezala, hezkuntzan pausoak aurrera emateko ere batu gaitezen. Elkarlana dugu oinarri, eta beronen bitartez orain arte bezala euskararen alde lanean eta hezkuntza eraldatzeko urratsak egiten jarraitzeko asmo irmoa dugu.