Larunbatean ospatuko dugu Euskal Herriko Eskolarteko jaia

Hirugarrenez hartuko du Sarako trinketeak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren bat-bateko finala15 eta 18 urte bitarteko 13 bertsolari ariko dira kantuan, 11:00etatik aurrera. XXXI. Eskolartekoak ere lurraldez lurralde egin du bidea lehenik, eta haietatik sailkatutako ordezkariak izango ditugu parte hartzen: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenabarretik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik jarriko ditu gaiak eta Joana Itzainak egingo ditu amaierako aurkezle lanak.

Irabazleari Maddi Sarasua Laskaraik jantziko dio txapela, Aitor Sarasuari bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean. Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari izandakoa, elkarteko eragiletzan eta bertso irakasle aritutakoa, belaunaldiz belaunaldiko transmisioan lan eskerga egindakoa izan da Aitor Sarasua.

Bat-bateko finalaren ondotik, otordua eskainiko da Sarako Lur Berri aretoan, 15:00etan, Iparra-Hegoako kideen eskutik. Azken txartela batzuk badaude oraindik www.bertsosarrerak.eus atarian.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolartekoaren bat-bateko txapelketa. Egitasmoa lurraldez lurralde gauzatzen da: guztira 98 parte-hartzaile izan ditu, eta 13 saio. Amaitzeko, Euskal Herriko Eskolartekoan elkartzen dira denak.